Auzolana

Auzolanak

Zurbaon, antzinako garaietatik hona, urtean bi aldiz, kontzejuko auzolana egiten da (Araban “vereda” izendapena jasotzen du).

Zurbaoko auzolana herriko ordenantzan araututa dago. Lan komunitarioak egiten dira, eta adinez nagusiak diren eta erretiratuta ez dauden kontzejuko herritar guztiek dute parte hartzeko betebeharra.

Era honetako lanak egiten dira: zuhaitzak eta landare-hesiak kimatu, zakarrontziak eta estoldak garbitu, kaleetatik hosto eta adar lehorrak kendu, lorategiak txukundu, hainbat mantentze-lan egin… Horretan, herriko nekazariek laguntzen digute, eta beharrezkoa den makineria astuna uzten digute.

Lan horiek, edozein herritan, udalak egiten ditu, baina herri txikietan bertako herritarrak dira horren arduradun.

Auzolana bukatu ondoren, parte-hartzaile guztiok herri-bazkari bat egiten dugu, ospatzeko.

Auzolan txikia

2014tik hona, Zurbaoko txikienek ere parte hartzen dute auzolanean. Jai-egun itxurako egun bat da, eta umeek horrela ezagutzen dute herriko antzinako kultura hori. Azken finean, landa-eremuan bizitzeak bere betebeharrak dakartzala konturatzeko balio die.

Eskularruak (segurtasuna zainduz, beti!), eskuareak, pala txikiak, erratzak eta orgatxoak hartuta, kaleak garbitzen dituzte, loreak eta landare-hesiak landatu, haizeak botatako adarrak eta hondakinak jaso, eta talde txikitan ederto pasatzen dute. Gurasoek animatuta, lagunak egiten dituzte, eta herriarekin eta herritarrekin lankidetzan jarduten ikasten dute.